
Herenegun, Pascual Serranoren Donostiako hitzaldira joateko aukera izan nuen. Oso hitzaldi interesgarria izan zen, bizi garen mundua ikusteko begiak irekitzeko gonbitea egin ziguna. Bizi garen mundua orokorrean, baina, bereziki, kazetaritzari dagokiona. Mota askotako interesak erdiesteko, kazetaritza nola erabiltzen den erakutsi zigun.
Komite Internazionalistak Kubako erreboluzioaren 50. urteurrenaren harira antolatutako jardunaldien baitakoa izan zen hitzaldia. Eta bertan aurkeztu zuen Serranok Conjura contra Cuba liburua. Erraz irakurtzeko liburua da, eta, bertan, hedabide handiek Kubari buruzko informazioari ematen dioten tratamendua aztertu du. Eta tratamendu hori beti da berdina: Kubaren lorpenak isilarazi eta hainbat eta hainbat topiko (gezur) zabaldu. Oinarrian, sozialismoaren kontrako jarrera zabaltzea da helburua. Izan ere, iritzi publikoa gero eta botere garrantzitsuagoa da, eta horretaz konturatuta duade hedabide handiak=enpresa=gobernuak. Iritzi publikoa bideratuta, euren nahiak/ideiak errazago zabal ditzakete. Horien artean, Kubaren kontrako jarrerak. Baina horiek guztiak, are hobeto azaltzen ditu Pascual Serranok berak.
Hemen uzten dizkizuet hitzaldiko testuak (euskaraz eta gaztelaniaz) eta audioa:
- Liburu bat, ez Kuba defendatzeko.
- Un libro, no para defender a Cuba.
- Serranoren hitzaldia.
- Galde-erantzunak.
Eskerrak eman behar dizkiot autoreari berari, berak jarri baititu gure eskura hitzaldian esandako hitzak, guk euskaratu ahal izateko. Bestalde, hona hemen, egileari buruzko informazio pixka bat:
Pascual Serrano kazetaritzan lizentziatu zen eta ABC egunkarian hasi zen lanean. Ondoren, Voces aldizkaria sortu zuen. 1996. urtean, beste autore batzuekin batera, Rebelion ataria jarri zuen abian (Interneteko agerkari “alternatiboa”). Ondo ezagutzen du berak Latinoamerika deitzen duena eta Telesur telebistan ere kolaboratu du. Horrez gain, hainbat liburu idatzi ditu. Kazetaritzari buruz, oso atal interesgarria jorratzen du hilabetero: Perlas informativas del mes… Oso abila da desinformazioa, manipulazioa eta intoxikazioa atzematen. Irakurtzeko, ikasteko eta hainbat gauzez ohartzeko oso interesgarria da, benetan.
Esan bezala, idatzi duen azkeneko liburua Conjura contra Cuba izan da. Cubainformacion atariak eta Euskadi-Cuba elkarteak editatu dute. Internet bidez eskura daiteke (Cubainformacion atarian) edo Kubarekin elkartasuna duten elkarteen bidez. Liburuari buruzko zerbait gehiago jakin nahi duenak, hemengo bideo honetan topa dezake: Serrano bere liburuari buruz.
Albisteak egiaztatu behar direla da kazetaritzan erakusten duten lehenengotariko gauzetako bat. Baina gero eta gehiago dira iturrietara jo gabe argitaratzen diren albisteak. Horrela gertatu zen, esaterako, Gran Wyoming aurkezleaak bekadun bati egindako ustezko abusuan. Gezurra zen, baina hedabide askok argitaratu zuten egia balitz bezala, eta, esaterako, Wyoming-ekin hitz ere egin gabe. Hona hemen webgune batean irakurritako beste adibide batzuk (gaztelaniaz daude): La constrastacion de fuentes, en entredicho.
Zoritxarrez, genero indarkeriak albiste izaten jarraitzen du. Eta larunbata 28ko Gara egunkariak dakarrenez, astelehena 23an beste emakumezko bat hil zen Gasteizen, haren bikote ohiak bi egun lehenago emandako jipoiaren ondorioz. Beraz, aste berean, bi emakumezko hilda Euskal Herrian: Gasteizen eta Gernikan, hurrenez hurren. Gernikakoak oihartzun mediatiko handia izan du; baina, esan bezala, Gasteizkoa Gara-n baino ez da atera.
Ez da, ordea, Gara-k aste honetan kaleratu duen primizia bakarra. Ostirala 27an, Manex Castro gazte villabonatarrari egindako elkarrizketa argitaratu zuen; hiru urte eta gero, Ertzaintzaren eskutik inkomunikazioa eta torturak salatu dituen lehen euskal herritarra, hain zuzen. Ezbairik gabe, informatiboki oso elkarrizketa interesgarria, auzi honetan beste aldeak zer dioen ezagutzeko; orain arte bertsio ofiziala, Ertzaintzaren bertsioa, zabaldu izan delako nagusiki.
Elkarrizketa hau, baina, oharkabean pasatu da ia komunikabide guztietan. Harritzekoa, adibidez, Berria egunkariak berak elkarrizketaren pasarterik edo erreferentziarik ez argitaratzea biharamuneko bere edizioan, ezaguna baita euskarazko kazeta bakarrak mantentzen duen ildo informatiboa tortura salatzeko.
Kostata (eta berandu), baina komunikabideek gero eta gehiago salatzen dute genero indarkeria, bai. Torturak, aldiz, agenda informatibotik desagertuta jarraitzen du.
Korrika eta Noticias taldea
March 27th, 2009 | Posted by in Bitxikeriak | Hausnarketak - (0 Comments)Egunkari baten azala egunkariaren beraren aurkezpen txartela modukoa dela esan ohi da. Askotan ez diegu behar adineko arretarik eskaintzen azalei, zuzenean egunkaria irenstera goazelako. Baina azalei tarte gehiago eskaintzea merezi du. Oso ariketa pedagogikoa, zinez.
Ostirala 27an, adibidez, egunkarietara jo dugu, bezperan hasitako Korrikaren 16. aldia azaletara nola ekarri duten ikusteko. Berria eta Gara egunkarien azaletan espazio nabarmena hartu du gaiak, espero zen bezala. Bitxikeria gisa, gainera, argazki bera aukeratu dute. Deia-k ere ekarri du Korrika azalera, baina espazio txikiagoa emanez, silueta moduan. Diario Vasco-k, ordea, zero patatero.
Bitxiena, ordea, Noticias taldekoen azalak izan dira; 16. Korrika Erriberan hasi da, Tuteran. Bada, biharamuneko Nafarroako Diario de Noticias-en, azaleko argazki nagusia ez da hori izan, herrialdeko aktore multzo batena baizik, martxoaren 27an Antzerkiaren Egun Mundiala dela-eta. Korrikak argazki txikia baino ez du merezi, azalaren goialdean.
Aldiz, egunkariaren anaia gipuzkoarraren azalean, Noticias de Gipuzkoa-n alegia, azaleko argazki nagusia Korrikari eskaintzen zaio, bai.

Nola uler daiteke hau, komunikabide talde berdinaz ari garenean? Taldearen Gipuzkoako bertsioan Korrikari hainbesteko espazioa ematea ez dago gaizki, noski. Korrikak merezi du, ezbairik gabe. Ilogikoa dena da egunkariaren Nafarroako bertsioan hain espazio gutxi ematea Korrikari, justuki, Nafarroan bertan hasi denean euskararen aldeko ekimen erraldoia. Taldearen Gipuzkoako kazeta Korrikarekin zabaldu badute, logikoa litzateke Nafarroako kazetan ere gauza bera egitea. Baina, are eta logikoagoa, Korrika bera Nafarroan hastean. Objektiboki, beraz, arrazoiak soberan zeuden Diario de Noticias-en azala gai horri emateko. Gainera, Nafarroan, egun berean, ez zen egon bestelako argazki nagusirik (istripurik, ezbeharrik, inauguraziorik, mobilizaziorik…), Korrikari azaleko argazki nagusia ez ematea argudia zezakeena.
Diario de Noticias-en azalean, “el periódico de todos los navarros” leloa dakar. Bada, Korrika 16. aren hasieran, bederen, Nafarroako euskaltzaleen egunkaria ez da izan kazeta hau.
Sinisten hasi behar ote dugu, kazetarien lana bulego lana dela? Hainbat webgunetan ikusi dugu argazki honetan ageri den titularra. Teletipoa bere horretan kopiatu dute, akatsarekin (a un = aun).
Titularrean erabiltzen duten “subjektuak” ere merezi du komentarioren bat, baina gai hori beste baterako utziko dugu…

Arrasateko presoen argazkiekin orain gutxi egin bezala, El Mundo egunkariak beste azal adierazgarri bat argitaratu du martxoaren 23an, euskal preso politikoen argazki gehiago non aurki daitezkeen zehaztuz. Helburua, noski, argia da: datozen ordu/egunetan, argazki horiek ken ditzatela Estatuko Segurtasun Indarrek (polizia autonomikoa barne), Arrasaten gertatu bezala. Eta hau zer da: iritzi publikoa informatzea ala iritzi publikoa bideratzea? Kazetaritza egitea ala poliziari esatea zer egin behar duen?
- Terroristak isolatu. Horretarako, eta batik bat komunikabideen bitartez, ekintza terroristak eragindako kalteak salatu behar dira, eta, era berean, poliziarekiko irudia hobetzeko kanpainak garatu.
- Gizartearen barruan elkartasun kolektiboa haustea saiatu. Horretarako, eskuragai diren bitarteko guztiak erabilita: komunikazioa, presio soziala…
- Lor daitezkeen arrakasta polizialetan, herritarren laguntzari egotzi merituaren parte bat.
ZEN Plana, gaur egun ere, erabiltzen jarraitzen dutela uste dugu, izen horrekin ez bada ere. Ziur gaude askotan aipatu beharko dugula hemen. Horregatik, beharrezkoa ikusi dugu ZEN Planaren nondik norakoak azaltzea, gainetik bada ere. Orain gertatzen dena hobeto ulertzeko oinarria dela uste dugu.
Zona Especial Navarra aipatzen dute batzuk egun, bestalde. Gero eta pertsona gehiagok uste dute ZEN Planaren bertsio berri bat dagoela, bereziki, Nafarroari dagokiona. Errepresioa gogortzeak hori erakusten dutela diote. Garan eta Nafarroan.com agerkarian irakurri ditugu hausnarketa horiek.
1980. hamarkadako testuingurua
March 21st, 2009 | Posted by in 1980. hamarkadako testuingurua - (0 Comments)1980. hamarkada nahasia izan zen Euskal Herrian, bereziki, Euskal Herriaren alde borrokan ari zirenentzat. Asko, klandeestinitatean bizi ziren. PSOEko agintariak zeuden orduan boterean, eta Gerra Zikina deitu zenaren oinarriak finkatu zituzten: ZEN Plana (ETArekin bukatzeko), Ipar Euskal Herriko errefuxiatuen aurka egitea eta GAL taldea (Grupos Antiterroristas de Liberacion), besteak beste.
- GAL (Grupos Antiterroristas de Liberacion): Euskaraz: “Askapenerako Talde Antiterroristak”. Mugaren bi aldetan euskal askapen mugimenduaren aurkako ekintza armatuak bere gain hartu eta berezko talde armatu baten itxura egiteko zen. Errealitatean, Espainiako barne ministerioak ETAren aurkako borrokan finantzatu eta bideratutako jarduera izan zen. Hilketak, bahiketak, torturak eta beste hainbat ekintza burutu zituzten, gehienbat Ipar Euskal Herrian. Lehendabiziko eraildakoak Joxean Lasa eta Joxeina Zabala izan ziren 1983ko urrian. Denera 23 hilketa egin zituzten 1986 arte. GAL izan zen ZEN Planaren produktu zuzenetako bat.


