Primiziak
March 28th, 2009 | Posted by in HausnarketakZoritxarrez, genero indarkeriak albiste izaten jarraitzen du. Eta larunbata 28ko Gara egunkariak dakarrenez, astelehena 23an beste emakumezko bat hil zen Gasteizen, haren bikote ohiak bi egun lehenago emandako jipoiaren ondorioz. Beraz, aste berean, bi emakumezko hilda Euskal Herrian: Gasteizen eta Gernikan, hurrenez hurren. Gernikakoak oihartzun mediatiko handia izan du; baina, esan bezala, Gasteizkoa Gara-n baino ez da atera.
Ez da, ordea, Gara-k aste honetan kaleratu duen primizia bakarra. Ostirala 27an, Manex Castro gazte villabonatarrari egindako elkarrizketa argitaratu zuen; hiru urte eta gero, Ertzaintzaren eskutik inkomunikazioa eta torturak salatu dituen lehen euskal herritarra, hain zuzen. Ezbairik gabe, informatiboki oso elkarrizketa interesgarria, auzi honetan beste aldeak zer dioen ezagutzeko; orain arte bertsio ofiziala, Ertzaintzaren bertsioa, zabaldu izan delako nagusiki.
Elkarrizketa hau, baina, oharkabean pasatu da ia komunikabide guztietan. Harritzekoa, adibidez, Berria egunkariak berak elkarrizketaren pasarterik edo erreferentziarik ez argitaratzea biharamuneko bere edizioan, ezaguna baita euskarazko kazeta bakarrak mantentzen duen ildo informatiboa tortura salatzeko.
Kostata (eta berandu), baina komunikabideek gero eta gehiago salatzen dute genero indarkeria, bai. Torturak, aldiz, agenda informatibotik desagertuta jarraitzen du.
You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 You can leave a response, or trackback.
