Zer da ZEN Plana?

Martxoa 19, 2009

Espainiako Barne Ministerioak diseinatu zuen Zona Especial Norte (ZEN) Plana 1983an. Orduko hartan, PSOE zegoen gobernuan eta Jose Barrionuevo zen aipatu ministerioko burua (Felipe Gonzalez zen presidentea). ETAren biolentziaren aurka egitea, eta Nafarroan, Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan bizi zen gizarte-gatazka egoera geldiaraztea zen planaren helburua.

Gizarte zibilaren aurka onartu zuten lehen errepresio neurria izan zen ZEN Plana. Helburuak 1982ko urriren 31n finkatu zituzten ETArekin bukatzeko dekalagoan (sekretua zen, noski). ZEN Plana 1983ko urtarrilean jarri zuten martxan politikoki eta militarki, baina Gorte Nagusiek ezagutu eta onartu gabe.

ZEN Planak garrantzia berezia ematen zion gerra psikologikoari. Abertzale mugimenduarei egindako errepresioari buruzko informazioa faltsutzen zuten.Iritzi publikoa bideratu nahi zuten, bereziki Euskal Herritik kanpo bizi zirenena. Estatuko Segurtasun Indarren eta Kidegoen aldeko jarrera sustatu nahi zuten. Modu horretan, iturri ofizialetatik ez zetorren informazioa ez zuten ontzat hartuko herritarrek.

ZEN Planaren baitan oso garrantzitsua zen hedabideen erabilera. Gomendioak honakoak ziren, besteak beste: Propaganda erabiltzea, zurrumurruetan, gezurretan eta manipulazioan oinarritutako propaganda. Helburua, euskaldunen artean duda eta nahasmena sortzea. Eta, era berean, Estatu mailan independentziaren alde egiten zutenek sostengua galtzea.

Diruari dagokionez, ZEN Planak 14.623 milioi pezetako aurrekontua izan zuen. Luis Roldan Guardia Zibileko Zuzendari ohiak epailearen aurrean onartu zuenez, “instalakuntzentzako, autoentzako, armentzako, gizarte jarduerentzako eta beste gastuentzako” zen dirua.

ZEN Planarekin egin nahi zituzten hainbat jarduera, oinarrizko eskubideei zegokienean, “konstituzioaren kontrakotzat” jo zituzten auzitegiek, ordea. Hala eta guztiz ere, 1984ko abenduaren 26an, Lege Antiterrorista bezala ezaguna izan zena onartu zuten: Terrorismoa-Errebolta. Errebolta jardueren, jarduera terroristen eta banda armatuen jardueren kontrako neurriak. Lege horretan, ZEN Planetik zetozen neurriez gain, gogorragoak zirenak bildu zituzten: terrorismoaren “apologia” deitu zutena zigortzeko moduko jardueratzat hartu zuten, aurreneurrizko atxiloketa luzatu zuten eta baita atxilotuen inkomunikazio aldia ere.

Lege Antiterroristaren kontra egin zuten Eusko Legebiltzarrak eta Herrialde Katalanetakoak 1987ko abenduaren 16an. Ondorioz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak “konstituzioaren aurkakotzat” jo zuen zati bat.

Egun, ezer gutxi aurki daiteke ZEN Planaren gainean. Sarean badaude hainbat gauza, baina zati txikiak besterik ez dira.Hemen aipatu ditugunak. ZEN Plana osatzen zuen testu osoa ez da inon ageri, eta iturri ofizialetan, noski, ezin da ezer topatu .

Leave a Reply