Archive for Apirila, 2009

Txerri gripea nork asmatu du? Eta zertarako?

Posted by Zentik On Apirila - 29 - 2009

Egunkari askotako webguneetan sartu berri naiz. Txerri gripea nola jorratzen ari diren ikusi nahi nuen. Guztietan (mundu guztikoak aintzat hartuta) azalean dago gaia. Papereko edizioetan ere, titular nagusiak eman dizkiote.

Ez dut ulertzen gai hau nondik atera den. Nork asmatu du txerri gripea? Orain arte ez zen existitzen? Gripe normalak ez al ditu pertsona gehiago hiltzen? Baina gehien kezkatzen nauena honakoa da: Zergatik orain? Eta nori egiten dio mesede?

Farmazeutikei, noski. Burtsan, egunotan, gainontzeko akzio gehienak jaitsi egin dira, farmazeutikenak izan ezik. Baina baita gobernuei ere. Krisia ahaztuta gelditu dela dirudi azken egunotan. Jendeak beste alde batera begiratzea komeni zaie. Eta horretarako baliabide erabilia da beldurra.

Boterean daudenak horretan saiatzea ez da harritzekoa. Komeni zaie. Baina nolatan erortzen dira horretan hedabide guztiak? Horrelako kasuak gertatu arte askotan ez gara konturatzen medioak zein manipulagarriak diren. Agenda setting-a (landu behar ditugun gaiak) markatzen digute, eta, tonto tonto, guztiok jarraitzen dugu. Gu guztiok, gainera, iritzi publikoan eragina dugu eta boterea duten horien bozeramaile jokatzen dugunez, nahi duten beldur hori sortzen dugu.

Noiz hautsiko dugu gurpil hori??

Popularity: 12% [?]

Iñaki Lopez eta Kubari buruzko gezurrak

Posted by Zentik On Apirila - 28 - 2009

inakilopez_160x115_132322Aspaldiko egunotan hautsak harrotzen ari dira Iñaki Lopez Pasalo programaren aurkezlearen komentarioak. Kuban homosexualak kartzelatzen omen dituzte eta ez dakit zenbat gauza gehiago. Ez da lehenengo aldia ETBn horrelakoak esaten direnik. Informatiboetan ere esan izan dute ez dagoela hauteskunderik, edota egiten direnetan alderdi bakarra aurkeztu daitekeela, gobernukoa. (Hemen dago gertatutakoa: hasierako bideoa, zuzentzeko eskaera, zuzenketa…).

Ez da lehenengo aldia Cubainformacionek horren gainean ohartarazi duela. Nik ere ez dut Kuba ezagutzen, baina hitz egin baino lehen zertaz ari naizen ziurtatzen ahalegintzen naiz. Alegia, esango dudana egia dela jakiten. Kazetari askori falta zaien/zaigun kontua da hori oraindik. Are gehiago Kubari dagokionean, denok ezagutzen dugu zer gertatzen den bertan, eta ez da inor hara joan. Topikoak ez dira sartzen kazetariaren lanean. Horren kontra egin behar dugu. Kasu honetan, laguntza handi bat ere badugu, Conjura contra Cuba Pascual Serranoren liburua. Norbaitek nahi balu, utziko nioke.

Popularity: 10% [?]

Javier Ortiz hil da

Posted by Zentik On Apirila - 28 - 2009

jarier-ortizGoizean albiste horrekin esnatu gara. Gogorra egin zait pentsatzea, ia egunero irakurtzen nuen blogeko gizonak ez duela bertan hitz gehiago idatziko.

Reader-en begiratu eta berrikuntzarik ez. Baina blogak hor jarraituko du, betierekoa izan daiteke. Askotan ziren interesgarriak Ortizen hitzak, baina oraindik bereziagoa izan da utzi zuen heriotza-oharra irakurtzea.

Bazekien zer zetorkion, nola hilko zen eta idatzita utzi zuen. Ea bere hutsunea betetzeko adinako kazetaririk topatzen dugun.

Popularity: 7% [?]

Titularrak

Posted by Zentik On Apirila - 23 - 2009

Hilabeteko esperientziaren ondotik, Usurbilgo Udalak -San Markoseko Mankomunitatearekin batera- atez ateko zabor bilketari buruzko datuak jakinarazi ditu, apirilaren 23ko egunkarietan argitaratu direlarik. Emandako datuen arabera, %76 gehiago birtziklatu da azken hilabetean udalerrian, sistema berria martxan jarri denetik. Eta horrela, gehiago birtziklatzearen ondorioz, askoz zabor gutxiago bidali du Usurbilek zabortegira (%58 gutxiago, zehazki).

Bada, zenbakiak ardatz dituzten albisteekin askotan gertatzen den bezala, kazeta bakoitzak nahi duen zifra azpimarratzen du titularrean. Berria-k: %76 gehiago birtziklatu dela. Noticias de Gipuzkoa-ren kasuan, datu hori azpititularrera darama, Usurbilgo birtziklatze maila ia hirukoiztu dela titulatuz. El Diario Vasco-ren titularra, berriz, honakoa: Usurbilek %58 zabor gutxiago bidali duela zabortegira.

Ikusten denez, antzekoak dira titularrak, bai, baina ez berdinak. Eta ez da kasualitatea.

Azkenik, Usurbilen erreusaren portzentajea iraultzea lortu dutela titulatu du Gara egunkariak. Nire ustez, titular kaskarrena da hau, “iraultzea” gisako terminoa erabiliz inpartzialtasun gutxi uzten duelako agerian.

Popularity: 16% [?]

Berriari eta Oarsoaldeko Hitzari ez dio elkarrizketarik ematen: “Euskaldun bezala” lotsa ematen diogula esan dit gaur.

Asko dira kazetariak aguantatu behar ditugunak. Askok esan nahi izaten digute gure lana noiz eta nola egin. Gaur ere horrelako zerbait gertatu zait Joxe Joan Gonzalez Txabarri, Pasaiako Portuko Agintaritzako lehendakariarekin.

Aurretik, banekien hainbat kazetariri gaizki erantzuten diela, eta Berria egunkariari elkarrizketak ukatu dizkiola. Baina, dena den, guk, Oarsoaldeko Hitzan ere saiatu behar genuen ditxosozko elkarrizketa lortzen. Izan ere, berak aurkezten dizkigun gai gehienak baitira gure eskualdeari zuzenean eragiten diotenak. Eta atzo, gainera, Pasaiako kanpo kaia izango dena aurkeztu zuten (Oarsoaldeko Hitzan). Momentu paregabea elkarrizketa egiteko.

Gaur, berriro, berarekin topatu naiz Trintxerpeko La Herrera Iparraldea eraisten hasi baitira. “Pasaiaren birgaitzean urrats garrantzitsua izango dena”. Bertan zeuden, baita ere, Maider Ziganda Pasaiako Alkatea, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Arantza Tapia Mugikortasun eta Lurralde Antolamendu diputatua.

Dena ondo joan da aurkezpena egin duten bitartean. Ondoren, Gonzalez Txabarrirengana hurbildu naiz elkarrizketa eskatzera:

  • Kaixo Joxe Joan. Nagore naiz, Oarsoaldeko Hitzatik. Elkarrizketa egin nahi genizuke… (ez dit bukatzen utzi).
  • Gaurko Berriako titularra aldatzen duzuenean!!! Gezurra esan duzue (haserre)
  • Berria gauza bat da eta Oarsoaldeko Hitza beste bat. Guk elkarrizketa egin nahi dizugu (berriro bukatu gabe).
  • Zuk esango didazu niri zer den Berria eta zer Hitza!
  • Bai. Berria gauza bat da eta ni Oarsoaldeko Hitzatik nator beste gauza bat egitera (berriro bukatu gabe).
  • Berriako titularra aldatzen duzuenean. Euskalduna izanda, lotsa ematen dit titular horrek!!!

Eta bertan utzi nau. Benetan haserretu nau horrek. Berari gustatzen zaizkionak idazten dituenei bakarrik ematen dizkie elkarrizketak, eta gainontzekoak modu txarrean tratatzen gaitu. Bestalde, jendeak oraindik ez daki Berria eta Hitzak independenteak direla?? Gaia nola tratatu dugun ikustea besterik ez du. ‘Etxe’ berekoak gara, noski, eta batzuetan elkar elikatzen dugu, baina bakoitzaren lana independenteki egiten dugu. Ez baitira gai berak eta modu berean jorratzen informazio nazionalean (Berrian) edo lokalean (Hitzetan), batzuetan bat etorri arren.

Bai horixe, elkarrizketa nahi dugu, baina ez edozein preziotan. Gure lana ezin dute baldintzatu, noiz eta nola egin behar dugun esanez.

Ezkerrean, Joxe Joan Gonzalez Txabarri, gaurko agerraldian

Ezkerrean, Joxe Joan Gonzalez Txabarri, gaurko agerraldian

Bestalde, hona hemen gaurko albistea: La Herrera Iparraldea eraisten.

Zabaldun eta Zuzeun ere argitaratu dut. Eztabaida piztu du gaiak.

Popularity: 11% [?]

Informazioa ala propaganda?

Posted by Zentik On Apirila - 21 - 2009

El País egunkariak kazeta serioa izatearen irudia du. Profesionala. Zorrotza. Espainiako Estatuko kazetaritzan, eredutzat jo izan da urtetan, eta jotzen da oraindik ere, kazetaritzan gauzak ondo egitearen islatzat hartuz. Baina Euskal Herriko gatazkari buruz informatzean, zorroztasun hori galdu egiten du, Espainiako beste egunkarien antzera jokatuz. Eta egun hauetan El País-en argitaratutakoa da horren adibidea.

Astelehena 20eko edizioan, Prisako kazeta nagusiak hauxe zioen azalean: “ETA tenía listos atentados para recibir al nuevo Gobierno Vasco“. Barruko orrietara jotzean, ordea, atentados izatetik un atentado aipatzera pasatzen da informazioa. Ñabardura txikia da, baina alde handia dago batetik bestera. Eta, garrantzitsuena: zein da informazio horren oinarria? Ikerketa polizialaren hipotesi nagusia horixe izatea, albistean jasotzen denez. Informazioaren iturria Polizia da, hortaz. Eta albistean ematen al da daturik, zergatirik… Poliziaren hipotesi hori baieztatzeko? Ez, ezer ez. Ideia hori botatzea, zabaltzea, gizarteratzea da kontua. Hots, efikazia, eraginkortasun poliziala saltzea; eta, modu horretara, ZEN Planaren aginduetako bat bete.

Ildo horri jarraiki, asteartea 21eko edizioan, ustezko atentatuari buruzko xehetasunak ematen dira, bonba-auto bat izango zela eta Patxi Lopez lehendakari izendatzeko ekitaldiaren ingurumarietan lehertuko zutela esanez. Baina, bezperan bezala, nor da informazio honen iturria? Polizia. Eta Polizia zertan oinarritzen da esateko bonba-auto bat izango zela? Non daude kazetaritzaren urrezko arauak diren bost w-ak baieztatzeko atentatu hori datozen egunetan izango zela? Non daude frogak atentatu hori, gainera, bonba-auto baten bidez egingo zela baieztatzeko? Beste behin, ez dago horri buruzko argibide objektiborik. Aldez aurretik ere Poliziak hipotesi horrekin lan egiten zuela aipatzen da berriro albistean. Are gehiago. Oraingoan, ohikoak diren eufemismoak ere ez dira erabili informazio hori eraikitzeko; hots, atxilotuen aitorpenak gisako formulak.

Beraz, oraingoz hipotesi bat baino ez dena errealitate bihurtu da, albiste eta titular kategoria hartuz hedabideetan. Eta, sekuentziari jarraiki, ondorengo orduetan eta egunetan xehetasun gehiago emango dituzte, ustez, Poliziak ekidin duen atentatuari buruz. Ziur. Beti ere, efikazia polizialaren irudi hori matxakatzeko.

Galdera, beraz, erraza da: hau guztia zer da, informazioa ala propaganda?

Popularity: 11% [?]

Intoxikazioaren praktika

Posted by Zentik On Apirila - 18 - 2009

Euskal preso politikoen artean handituz doa ETAren kontrako jarrera. Hori da, behinik behin, apirilaren 17an El Mundo eta El Correo egunkariek argitaratutako informazioen tesia.

Baina intoxikazio kasu baten aurrean gaude, beste behin ere. Zergatik? Batetik, informazioen titularra edo izenburuagatik: hitzez hitz ez dira berdinak, baina intoxikazioaren bitartez zabaldu nahi den ideia nagusia jasotzen dute biek ala biek. Bestetik, bi informazioetako iturria ere berdina dela antzeman daiteke, egunkari bakoitzak eufemismo propioa darabilen arren iturria aipatzeko orduan.
Hirugarrenik, bi informazioen edukia ere oso antzekoa da, hainbat presok ustez egindako komentarioak errepikatzera iritsiz.
Laugarrenik, argitaratutako informazioa ez da kontrastatu, kasu honek eskatzen zuen moduan, euskal preso politikoekin (nahiz eta hori, praktikan, oso zaila dela onartu behar); baina ezta ere, adibidez, Etxerat elkartearekin, informazioetan presoen senideak aipatzen diren neurrian.
Eta, azkenik, informazioa ‘kaleratzeko’ datan ere kointzidentzia dago, oraingoan, publikazio eguna berdina izateraino.
Eta zein da intoxikazio honen helburua? Noski, lehenik, gizartean ETAren kontrako jarrera zabaltzen jarraitzea (“Dagoeneko, haien presoak ere ETAren kontra daude”, pentsatuko dute herritar askok argitaratutakoa irakurtzean).
Baina, bestetik, sakabanaketa politikaren 20. urtemuga salatzeko antolaturiko ekimenak estaltzeko xedea egon daiteke intoxikazioaren atzean. Hau da, sakabanaketak 20 urtean eragindako oinazea eta ondorioak ez dira albiste. Eta, hori gutxi balitz, urtemuga hori salatzeko protestak estali behar dira, gutxietsi… eta kriminalizatu ere bai, ekimen horiek ETAk agindutakoak direla argitaratzean informazioan.
Ez da lehendabiziko intoxikazioa prentsan. Eta, zoritxarrez, ez da azkena izango.

Popularity: 6% [?]

Kazetaritzaren etorkizuna?

Posted by Zentik On Apirila - 15 - 2009

Webgune honetan topatutako montajea kuriosoa da. Honelakoa izango ote da kazetaritzaren etorkizuna?

Popularity: 13% [?]

Errealitatea…

Posted by Zentik On Apirila - 8 - 2009

Lau hitzekin oso ondo deskriba daiteke errealitate bat. Lau hitzekin, bai. Edota irudi batekin, marrazkitxo batekin… Hori da, esaterako, txiste honek egiten duena. Elcascarrabias.blogspot.com-ean topatu dugu.
Post honek, beraz, lau hitz ere baino ez ditu behar.

telediarios

Popularity: 9% [?]

“Sagarrak eta udareak ezin dira nahastu”

Posted by Zentik On Apirila - 6 - 2009

Ana Botellak esaten zuen bezala, “sagarrak eta udareak ezin dira nahastu” (noski, ez nabil homosexualen ezkontzei buruz). Badaude artikulu batzuk, gai batekin hasi eta beste batekin bukatzen dutenak. Loturak txukun egiten dituzte eta artikulua osatuta gelditzen da. Hau ez da kasua. Donostian biluzik ibiltzen zen gizona, pizza eta Ekin kasua lotzen ditu.

Popularity: 8% [?]