Intoxikazioaren praktika
April 18th, 2009 | Posted by in ManipulazioaEuskal preso politikoen artean handituz doa ETAren kontrako jarrera. Hori da, behinik behin, apirilaren 17an El Mundo eta El Correo egunkariek argitaratutako informazioen tesia.
Baina intoxikazio kasu baten aurrean gaude, beste behin ere. Zergatik? Batetik, informazioen titularra edo izenburuagatik: hitzez hitz ez dira berdinak, baina intoxikazioaren bitartez zabaldu nahi den ideia nagusia jasotzen dute biek ala biek. Bestetik, bi informazioetako iturria ere berdina dela antzeman daiteke, egunkari bakoitzak eufemismo propioa darabilen arren iturria aipatzeko orduan.
Hirugarrenik, bi informazioen edukia ere oso antzekoa da, hainbat presok ustez egindako komentarioak errepikatzera iritsiz.
Laugarrenik, argitaratutako informazioa ez da kontrastatu, kasu honek eskatzen zuen moduan, euskal preso politikoekin (nahiz eta hori, praktikan, oso zaila dela onartu behar); baina ezta ere, adibidez, Etxerat elkartearekin, informazioetan presoen senideak aipatzen diren neurrian.
Eta, azkenik, informazioa ‘kaleratzeko’ datan ere kointzidentzia dago, oraingoan, publikazio eguna berdina izateraino.
Eta zein da intoxikazio honen helburua? Noski, lehenik, gizartean ETAren kontrako jarrera zabaltzen jarraitzea (“Dagoeneko, haien presoak ere ETAren kontra daude”, pentsatuko dute herritar askok argitaratutakoa irakurtzean).
Baina, bestetik, sakabanaketa politikaren 20. urtemuga salatzeko antolaturiko ekimenak estaltzeko xedea egon daiteke intoxikazioaren atzean. Hau da, sakabanaketak 20 urtean eragindako oinazea eta ondorioak ez dira albiste. Eta, hori gutxi balitz, urtemuga hori salatzeko protestak estali behar dira, gutxietsi… eta kriminalizatu ere bai, ekimen horiek ETAk agindutakoak direla argitaratzean informazioan.
Ez da lehendabiziko intoxikazioa prentsan. Eta, zoritxarrez, ez da azkena izango.
You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 You can leave a response, or trackback.
