Espainiako Kopako finalaren emanaldian, Espainiako ereserkia futbol zelaian jarri eta entzun zeneko unea TVEk zuzenean ez emateak hautsak harrotu ditu. “Akats” baten ondorio izan zela adierazi dute Espainiako telebista publikoko iturriek. Baina inork gutxik sinesten du hori. Zentsura kasu garbia izan da, partidaren atarian, Espainiako ereserkiari eta errege-erreginari egindako txistu andana ezkutatzeko asmoz. Izan ere, arrazoiak eta datuak egon bazeuden aurreikusteko horrelakorik gerta zitekeela.
Zentsura kasu garbia izan da, bai. Baina, zoritxarrez, horrelakorik ez da ezohikoa TVEn. Espainiako telebista kate publikoan aspalditik zentsuratzen dira albisteak eta gertaerak; Urdaci famatuaren garaian, baina baita haren aurretik eta haren ondoren ere. Gainerako telebista kateek ere zentsura praktikatzen duten bezala.
Ondorioz, zer dela-eta horrenbesteko oihartzuna hartu izanak zentsura kasu honek? Bi arrazoirengatik.
Lehenik, zentsura nabarmenegia izan dela oraingoan. Garrantzia sozial handiko gertaera batean, eta telebista pantailari begira milioika ikusle zeudela. ETBk eta TV3k, esaterako, zentsura praktikatu zuten une horretan baita ere. Baina era zuriago batean: ikusleen txistuak entzuten ziren, bai, baina txistuka ari zirenen planoak ekidin zituzten, eta, aldiz, ereserkiarekin batera eskubiko eskua bihotzera eraman zuen zale zuri-gorri baten planoa eman zuten hainbat segundoz. Zein kasualitatea, ezta?
Baina, bestetik, zentsura kasu hau hain entzutetsua izan da horren erabilpen politiko bat egin delako. Hots, eskubiko sektore politikoekin lerrokaturiko komunikabideek era nabarmenean salatu dute gertatutakoa; eta, batzuren kasuan, bai eta gogor salatu ere. Zertarako? Espainiako Gobernuari egurra emateko; bere garaian PPri zentsura praktikatzea leporatu zitzaion bezala, PSOEk ere zentsura erabiltzen duenaren ideia txertatzeko iritzi publikoan. Hala, biharamunean, El Mundo, ABC eta La Razon egunkarien azaletan argitaratu da gaia. El Pais-ko azalean ere erreparatu diote gaiari, baina hizki txikitan, eta testu baten bukaeran. Eta kirol kazetatan, gauza bera. El Mundo-ren enpresa editorial berdinekoa den Marca egunkariak gertatutakoa gogor salatu duen bezala (azalara eramanda eta editoriala eskainita, besteak beste), Prisa taldeko As egunkariaren azalean gaiari buruzko aipurik ez.
Noski, pizturiko polemikaren sua itzaltze aldera, TVEk azkar jokatu du biharamunean, “akats” bat izan zela berrestearekin batera, Kirolak Saileko zuzendaria kargutik kenduz. Zein mezu eman nahi izan dute honen bitartez? PPrekin ez bezala, horrelako kasuen aurrean, PSOErekin arduradunen kargugabetzeak ematen direla, alegia.
Ikusiko dugu buru mozketa horretan gelditzen ote den guztia.
Popularity: 6% [?]