Erreportaje sozialen moda telebistan
Espainiako aberatsek krisi ekonomikoa nola bizi duten kontatzeko erreportajea eman zuten atzo Espainiako telebistako -TVE- lehenbiziko katean, Comando actualidad saioan. Eta, zer nahi duzue esatea: era honetako erreportaje sozialek aspertu egiten naute. Cuatro telebistako Callejeros saioak jarri zituen modan, eta oraintxe aipaturiko Comando actualidad-ek soka beretik segi, lehenengoaren kopiaketa hutsa baita bigarrena. Helburua: normalean komunikabideen agendan agertzen ez diren gaiei buruzko erreportajeak ematea. Eta arrakasta handia lortu dute, bai.
Eta ezin uka tarteka erreportaje interesgarririk eman ez dutela. Baina, nire ustez, errepikakorrak gertatzen ari dira aspalditik, batik bat Callejeros: luxuari buruzko erreportajea aste batean, hilzorian diren yonkiei buruzkoa bestean; jauregi eta etxe ederrei buruzkoa orain, txabolismoan eta miserian bizi den Espainiako edozein hiriko auzoari buruzkoa bihar…
Krisi ekonomikoa ere landu izan dute, bai, baina beti ikuspegi hori batetik. Krisiaren zergatiak azaldu baino, krisiaren ondorioak agertu, eta beti era partzial batean: dendatan lapurketa txikiak egiten dituztenak, yonkiek lapurturiko gauzekin antolaturiko kale merkatu ilegalei buruzkoak… Alta, noizko krisiaren zergatiak era pedagogikoan azalduko digun erreportajerik? Noizko krisiaren errudunak salatuko dituen erreportajerik? Paradisu fiskalei buruzko lanik? Gobernuek enpresa handiei emandako dirutzen inguruko saiorik?…
Eta, krisiaren ondorioak agertu nahi badira, zergatik ez dute erreportajerik egiten EREak inposatu dizkieten milioika enpresetako langileekin? Haien lanpostuen defentsan, enegarren egunez greban diren langileen inguruko erreportajerik?…
Norbaitek argudia dezake horretarako dagoela Documentos TV bezalako saioa, era horretako lanak emateko. Bai, baina Documentos TV ez dute La1 katean ematen, La2 katean baizik; eta ia gauerdian (emisioa bertan behera gelditzen ez denean), eta ez puntako ordutegian…
Beraz, krisi garai hauetan, nago era honetako saioek lan bikaina egiten diotela sistemari. Botatzen dituzten erreportajeak ikusiz gero, horrelakorik pentsatzea saihestezina baita, oro har, eta inkontzienteki bada ere: “Ostras, zergatik kexatzen naiz ni? Azken finean, ez naiz hain gaizki bizi, beste asko ni baino askoz okerrago daudela ikusita”.
Benga, esan egia, irakurle hori: zuk zeuk ez duzu inoiz pentsatu horrelakorik? Gizartea anestesiatzeko saioak bihurtu al dira hauek? Herriaren opio berriak?
Leave a Reply