Alferrikako lokailurik ez

Egilea: Zentik 2009 - 07 - 11

Lokailuak esaldien arteko lotura logiko eta semantikoak adierazten dituzten hitzak edo esapideak dira. Hona hemen zenbait lokailu:
gainera, bestalde/bertzalde, era berean, halaber, orobat, berebat, behintzat, bederen, bederik, behinik behin, bestela/bertzenaz, osterantzean, gainerakoan, ordea, berriz, aldiz, ostera, aitzitik, alta, alabaina, dena dela, dena den, hala ere, hala eta guztiz ere, haatik, beraz, bada, hortaz, horrenbeste, halatan, hala, izan ere, hau da, alegia, azken batean, azken finean, hain zuzen ere…
Tresna bikainak dira diskurtsoa antolatzeko, baina gogaikarriak zaizkio irakurleari betegarri huts direnean, eta are gogaikarriagoak, sasi-lokailu berriki asmatuak:
Hobetzekoa: zentzu honetan, ildo beretik, ildo berean…
Hobetzekoa: Jose Angel Agirrebengoa NBBko presidenteak esan du «komenigarria» dela alderdien mahaia eratzea Nafarroan normalizazio politikoa lortzeko. Halaber, nafarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatu du. Ildo horretan, UPNk eta CDNk Nafarroako Parlamentuan onartutako idatzia salatu du, eta Nafarroaren erakundetze eredua nafarrek erabaki behar dutela azaldu.
Hobea: Jose Angel Agirrebengoa NBBko presidenteak esan du «komenigarria» dela alderdien mahaia eratzea Nafarroan normalizazio politikoa lortzeko. Haren ustez, nafarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute. UPNk eta CDNk Nafarroako Parlamentuan onartutako idatzia salatu du, eta Nafarroaren erakundetze eredua nafarrek erabaki behar dutela azaldu.

Popularity: 8% [?]

Leave a Reply

Powered by WP Hashcash