Aposizio komaduna, batzuetan traban

Uztaila 16, 2009
Tags:
  • Aposizio komadunak traba egiten du galdegaiaren eta aditzaren artean dagoenean. Beraz, horrelakoetan hobe da ordena aldatzea.
    Hobetzekoa: Alemanian, Lutherren jatorrian, egin dute batzar nagusia.
    Hobea: Alemanian egin dute batzar nagusia, Lutherren jatorrian.
    Hobea: Lutherren jatorrian egin dute batzar nagusia, Alemanian.
  • Menpeko perpaus baten barrenean, hobe da komarik gabeko formak erabiltzea.
    Hobetzekoa: Dick Cheneyk, AEBetako presidenteordeak, esan duenez, ez dago ados batzordeko buruekin.
    Hobea: Dick Cheney AEBetako presidenteordeak esan duenez, ez dago ados batzordeko buruekin.
    Hobea: AEBetako presidenteorde Dick Cheneyk esan duenez, ez dago ados batzordeko buruekin.

Beste aukera bat ere badago: menpekoa esaldi nagusi bihurtzea.
Dick Cheneyk, AEBetako presidenteordeak, esan du ez dagoela ados batzordeko buruekin.

  • Noren eta nongo kasuekin, komeni da komarik gabeko formak erabiltzea, eten handiegia sortzen baitu koma tarteak:
    Hobetzekoa: Asko gustatu zaio Steven Cohenen, Bill Clintonen kolaboratzailearen, ideia.
    Hobea: Asko gustatu zaio Bill Clintonen kolaboratzaile Steven Cohenen ideia.
    Hobea: Asko gustatu zaio Steven Cohenen ideia. Bill Clintonen kolaboratzaile da Cohen.
  • Aposizioak esaldia zamatzen badu, hobe da aditzaren ondora eramatea.
    Hobetzekoa: Juventuseko entrenatzaileak, gainera, Roberto Padini, taldeko jokalaririk zaharrena, beste postu batean jarri zuen.
    Hobea: Juventuseko entrenatzaileak, gainera, beste postu batean jarri zuen Roberto Padini, taldeko jokalaririk zaharrena.

Leave a Reply