Bi puntuak [:]

Egilea: Zentik 2009 - 07 - 19
  • Ezaugarri orokorrak

- Bi puntuen bidez, diskurtsoa eten egiten da, segidan datorrenari nolabaiteko ataria emanez.
- Gehienetan, bi puntuen atzetik ez da erabiltzen lokailurik. Izan ere, aurrekoaren azalpen, ondorio edo iruzkintzat hartzen da, lokailuak esplizitatu gabe ere.
- Teorian, komunztadura egitea aukerakoa da, baina komunztatu gabekoak oso arrotzak gertatzen dira batzuetan: batez ere, sintagma hutsetik urrundu eta esaldira gehiago hurbiltzen garenean.

Ezusterik ezean, David Lopezek eta Enrique Corralesek beteko dituzte atzealdeko bi hegalak: Lopez eskuinean, eta Corrales ezkerrean. [?]

Ezusterik ezean, David Lopezek eta Enrique Corralesek beteko dituzte atzealdeko bi hegalak: Lopezek eskuinean, eta Corralesek ezkerrean.

- Behin baino gehiagotan erabil ditzakegu bi puntuak segidan, tartean punturik izan gabe. Dena dela, oso kontuz ibili behar da, haria gehiegi korapila ez dadin.

Hauxe izan zen gakoa: Alderdi Popularrak baldintza batekin eman zizkion bere botoak CiUri: Estatutua ez aldatzea.

Ez da, jakina, aliritzira egindako hautua: liburua osatzen duten bost ipuinetan «ardatz» dira, Karmele Jaio idazle eta kazetariaren ustez, izenburua osatzen duten hiru hitzetatik bi: bihotza eta gosea.

- Bi puntuen ondotik, zuriunea uzten da beti.

  • Noiz erabiltzen diren

- Azalpena, kausa, ondorioa edo aurrekoaren laburpen modukoa sartzeko erabiltzen dira bi puntuak.
Puntu eta komak baino ere agerianago uzten dute lotura semantikoa.

Beste bi egitasmoak ez daude oraindik onartuta, ezta guztiz erabakita ere, baina bai nahiko pentsatuak: Zorion perfektua aurten filmatzen hasteko asmoa du Amigok, eta Bihotz bi datorren urtean filmatu nahi du.

Bi sail nagusi ditu erakusketak: batean, egileak Balear uharteetan eta Parisen pintatutako 22 olio pintura daude, zuriaz eta beltzaz aparteko kolore askorik gabekoak; bestean, Malin 2004ko abenduan eta 2005eko urtarrilean egindako marrazki koloretsuak eta brontzezko bost eskultura.


- Enumerazioak irekitzeko edo ixteko modu bat dira.

Einsteinen teoria eta hipotesi asko egiaztatu egin dira, eta haren teorietan oinarritutako hainbat tresna ezinbestekoak dira gaur egun: kamera digitalak, laser izpiak, GPS sistema, unibertsoaren garapenaren teoria, zelula fotoelektrikoak…

Kamera digitalak, laser izpiak, GPS sistema, unibertsoaren garapenaren teoria, zelula fotoelektrikoak… Einsteinen teoria eta hipotesi asko egiaztatu egin dira, eta haren teorietan oinarritutako hainbat tresna ezinbestekoak dira gaur egun.

- Etsenplu modukoak sartzeko ere erabiltzen dira bi puntuak.

Columbia disketxeak Miles Davis jazz musikariaren hainbat disko berrargitaratuko ditu datozen hilabeteotan: Seven Steps to Heaven, besteak beste.

- Aipuak eta adierazpenak txertatzeko, batez ere estilo zuzenean, askotan baliatzen dira.
Estilo zuzenean ari bagara, bi puntuen ondoko lehen hitza letra larriz idazten da.

Hedabideek Afrikarekin duten jokabideari oso kritikagarri deritzo Mankellek: «Europar guztiok oso ondo dakigu Afrikan nola hiltzen diren, baina Europan inor gutxik daki Afrikan nola bizi diren».

- Katafora moduren bat erabiltzen denean (erakuslea, izenordea…), esaldiak lotzeko modu bat dira.

Oso gauza argia esango dut: gure lurraldean ez dago ia nekazaritzarik, abeltzaintzarik ere ez kasik, eta jaten dugun guztia inportatzen dugu ia-ia.

Telebistak ondorio hau ekarri du: jendeak uste du bertsotan egiten dakien bakarra bertsolaria dela.

- Ordua zenbakiz idazten denean, bi puntuak jarri behar dira.

Dirudienez, 23:00etan etorriko dira.

Popularity: 8% [?]

Leave a Reply

Powered by WP Hashcash