- Ezaugarri orokorrak
- Puntuak baino eten txikiagoa adierazten du puntu eta komak. Hala, puntu eta komaz markaturiko esaldien artean lotura semantiko handiagoa dago, puntuz bereizirikoen artean baino. Beraz, egokiro erabiliz gero, aberastu egiten du testuaren egitura eta informazioa, ñabardurak adierazten baititu.
- Puntu eta komaren ondotik, zuriunea uzten da beti.
- Noiz erabiltzen den
- Esaldien artean esanahi lotura estua dagoela adierazten du puntu eta komak.
Horrelakoetan, puntu eta koma erabiltzen da esaldiak bereizteko, eta ez puntua. Beraz, testuetan puntua ez ezik puntu eta koma ere erabiliz gero, sotilago adieraz daitezke esaldien arteko lotura semantikoak.
Gasteizko gizonik aberatsena zen; lurrak, etxeak eta errotak zituen.
Lotura logikoa esplizitatu nahi izanez gero —kausa, ondorioa, aurkaritza…—, lokailuak eta bestelako diskurtso antolatzaileak erabili beharko ditugu.
Aimarrek Peñagarikano izango du lagun; Asierrek, berriz, Ruben Beloki.
Batez ere, eleberriak eta ipuinak irakurtzen ditut; zuk, aldiz, sekula ez duzu nobelarik irakurri.
Nik uste dut oparitarako erosketa asko egiten dela hemen; hori ikusi dut nik, behintzat.
- Enumerazioetan, normalean komaz bereizten diren elementuak puntu eta komaz bereizten dira, baldin eta barrenean komak badituzte.
Bertan izan ziren Elizabeth Schuhmacher, Errauste Planten Aldeko Elkarteko burua; Andrea Floret, Ingurumen Saileko biologoa; Jesus Etxebarri, Gipuzkoako Aldundiko teknikaria; eta Asier Garmendia, Natura Babesteko Planaren egilea.
Kristautasunean bezala, hinduismoan ere trinitatearen irudia agertzen da: Vishnu, munduaren ordenaren bermatzailea; Shiva, suntsitzaile beldurgarria; eta Brahma, unibertsoaren sortzailea.
- Laburpen moduko batzuetan ere puntu eta koma baliatzen da. Argibide gisakoak izan ohi dira, esaldi bukaeran idatziak.
Bizipen horiek sentimendu bat sortzen dute, eta sentimendu hori hitz bilakatzen da; kantu, azken finean.
Popularity: 8% [?]
