Urtzi Urkizu
2011ko uda amaitzen ari zela, sare sozialen gainean zerbait egin behar nuenaren bultzada sentitu nuen. Gaiaz euskarazko informazio eta testu gutxi zegoela jabetu eta gaiari nola heldu pentsatzen aritu nintzen. Unibertsitatera jotzea ere pasa zitzaidan burutik. Baina hara non, Berriako Komunikazio orrian elkarrizketa sorta bat aproposa izan zitekeela deliberatu nuen. Martxelo Otamendirengana jo nuen eta berehala eman zidan baiezkoa. Elkarrizketa kopuruari zenbaki jakinik ez jartzeko komentatu zidan, eta zuzendariari hori eskertu beharrean nago.
Sare sozialetan euskaraz ari diren pertsonak eta gaiaz euren ikuspuntua eman zezaketenak joan nintzen zerrendan jartzen. Halaber, komunikabideetan sare sozialek duten eraginaz hausnarketak plazaratu nahi nituen. Eta komunikazioaren alor ezberdinak tratatzen joan nintzen. Hezkuntzak duen garrantziari helduz, unibertsitateko bi irakasle, AEK-ko irakasle bat eta ikastola bateko irakaslea elkarrizketatu ditut sortarako. Izan ere, ikasle eta irakasleen artean ere garrantzia hartzen ari den gaia dugu sare sozialena. Belaunaldi berriei begiratzea gakoa da.
Ia lau hilabetez astero elkarrizketa bat egin ondotik (Gabonetako bi astetako atsedenaldiarekin) eman diogu amaiera elkarrizketa sortari. Baina aurrera begira, gaiaren inguruan sakontzeko gogoz gaude. Eta Nagore Vegak emandako aukerari esker, blog honetan saiatuko gara etorkizunean sare sozialak eta komunikabideen gaineko informazio, analisi eta iritzi gehiago ekartzen.
Aldaketa garaian gaude
Hilabeteotan jasotako iritzi mamitsuei helduz, Patxi Gaztelumendik esandakoa nabaria da: “Igorle eta hartzaile eredu bakarrak porrot egin du”. Lehen enpresa handiak baino ez ziren igorle. Orain, herritar guztiak izan daitezke igorle. Baina horrek ez du esan nahi kazetariak eta komunikabideak desagertu behar direnik. Euskarazko komunikabideetan argitaratzen diren edukirik gabe ez nuke nahi sare sozialik. Egoera ekonomikoak eta testuinguruak eman dezake kezkarako motiboa, Juan Kruz Lakastak esaten duen moduan: ” Panorama kezkagarri baten aitzinean gaude, eta panorama mediatikoaren aniztasunaren txikitzea etor daiteke”. Eta hori gerta ez dadin, formulak bilatu beharko dira. Formulak asmatu, probatu eta bestetik elkarlana sustatu. Kinka larrian dauden Nafarroako euskarazko komunikabideak eta elkarteak azken aldian errepikatzen ari dira elkarrekin bultza egitearen beharraz.
Eta horrekin ez dut inolaz ere iradoki nahi sare sozialak direnik panorama mediatikoaren aniztasuna txikituko dutenak. Baizik eta sare sozialen indarra erabili behar dugula euskaraz ari garenok elkarrekin gauzak egiteko. Edukiak eta kontaketak partekatu, elkarrizketekin jarraitu… Eta zergatik ez, komunikabide batzuk besteak retuiteatu (batzuk hasi dira horretan).
Kazetaritza mundua denbora gutxian asko aldatzen ari da. Joseba Kamiok esaten duenez, “kazetaritzaren urrezko aroan gaude, Interneti esker”. Orain arte ezagutu ditugun kazetaritza enpresen modeloentzat ez da batere une ona, ez alor ekonomikoan behintzat. Baina bai une txundigarria informazioa jaso eta zabaltzeko. Eta horretan asmatu beharko da etorkizunean.
“Sare sozialetan nola eta zertarako aritu behar den” jakitearen garrantziaz hitz egiten zigun Haritz Rodriguezek. Eta horren gaineko hausnarketa egin beharko du euskarazko komunikabide bakoitzak. Baita kazetari bakoitzak ere. Funtsezkoa iruditzen zait komunikabideetan lanean gabiltzan euskal kazetari guztiok sare sozialak nola erabili ezagutzea. Nahiz eta Joxe Rojasek esaten duena ere kontuan hartzeko modukoa den: ” Iruditzen zait hedabideek ez luketela arautu behar sare sozialetan egoteko modua. Erredakziotik kanpo, kazetari bakoitzak Interneten duen bere saretxoak egiten dio ekarpena. Eta kazetariaren bidez hedabideari ere bai”. Agian euskal komunikabideen artean gaiari lotutako kongresuren bat antolatzea ez litzateke soberan egongo.
Edozein modutan ikusten dudana da euskarazko komunikabideek ezin dutela sare sozialen trena galdu. Tren hori gure muturren aurrean dugulako. Eta gailu mugikorren trena ere ez. Hala, azken alor horretan elkarlanerako aukerak aztertzea ere ez zen txarra izango. Gazteak tren horretan daude murgilduta eta haiengana iristea funtsezkoa da epe ertain eta luzera begira.
Twitter versus Facebook
Sortako elkarrizketatu gehienek onartu didate Twitter informazio iturri aparta dela. Eta horregatik bakarrik bada ere merezi du Twitter erabiltzeak. Gainera, “kazetarien edukiak zabaltzeko tresna apartak dira sare sozialak”, Lander Arbelaitzek esaten duen moduan. Eta elkarrizketarako ere oso baliagarriak dira.
Facebook-engatik kontrako iritzi batzuk jaso ditut. Baina Gaztelumendik berak esaldi honekin asmatzen duela iruditzen zait: “Nik garagardoa edaten dut sarriago, baina ardoa ere gustatzen zait.”. Hau da, ez dut ukatuko komunikaziorako eta informazio iturri gisa Twitter hobea denik. Baina Facebook bidez ere euskarazko komunikabideek badute aukera milaka hartzailerengan iristeko. Kontuan hartu behar dugu euskal internauta guztiak ez daudela Twitterren. Eta jendearengana modu eta sare ezberdinen bitartez iritsi beharko da. Lontzo Sainzek, EITBri erreferentzia eginaz, aitortzen du jendea dagoen lekuan egon beharra dagoela.
Zentsura sare sozialetan
Facebook-i egin diezaiokegun kritiken artean zentsura erabiltzeko joera dago. Ez dakit nik zergatik ezin den alu bat perfilean jarri. Itziar Zigaren ‘Sexual Herria’ liburuaren azala zentsuratzea ere zinez tamalgarria da.
Bestalde, Twitterri buruz orain arte esandakoak eta elkarrizketatuek emandako iritziak ez dakit ez ditugun aldatu beharko epe laburrean. Twitterrek orain arte zuen abantailetako bat bere zentsura eza zen. Baina hara non, Twitterrek jakinarazi du aurrerantzean zenbait herrialde eta kulturetan “desegokiak” izan daitezken edukiak herrialdeka zentsuratuko dituela. Edukiak herrialdeka ezkutatzeko sistema garatu du Twitterrek. ”Orain arte edukiak kentzeko modu bakarra mundu osoan ezabatzea zen; orain zer herrialdetan kendu nahi dugun zehaztu ahal izango dugu”, adierazi dute.
Erabakiak gure artean kontrako iritzi dezente jaso du. Eta urtarrilaren 28an euskal tuiterlari askok bat egin zuen #TwitterBlackout deialdiarekin. Hau da, egun horretan tuitik ez idaztea zentsuraren aurkako protesta gisa.
Marc Cortesek bere blogean idatzi duenarekin guztiz ados nago.
Beste euskal internauta batzuk tresna berrietan murgiltzea erabaki dute. status.blogsoviet.com sarean, esate baterako, gero eta euskal internauta gehiago dago. Euskaraz berriketan. Euskaraz makinatzen. Ez garagardo, ez ardo. Vodka sobietar gogor eta sendoa dugu status.blogsoviet.com. Ezagutzen ez duenari tragoxka egitera gonbidatuko nuke.
Berriketan.info
Halaber, internautak gune euskaldunetara erakarri beharko genituzke. Esate baterako, Euskal Herriko unibertsitateetan ikasleei Twitter erabiltzeko ariketak jartzen bazaizkie ez dakit zergatik ez zaien Berriketan.info erabiltzen erakusten. Azken finean, euskaraz dugun sare sozial bat da, etorkizunean fruitu ederrak eman ditzakeena. Ez dakit, halaber, zergatik ez diran euskal internauta gehiago animatzen Twitterreko kontua Berriketan.info-rekin lotzera. Erraza bezain eraginkorra da. Kontuan hartu behar da mezu labur batekin ‘Berria.info’-ko milaka irakurle euskaldunengana iristeko aukera dagoela.
Eguneroko otorduetarako, euskal sagardo gozoa genuke Berriketan.info. Gutxi eta maiz edateko moduko edaria.
Euskaldunon tamaina txikia
Neronek galdetu diet elkarrizketatu batzuei Twitterren euskaldun gutxi ala asko dauden, euskaraz nola egiten den, jende asko falta ote zaigun Twitterren. Batzuentzat gutxi, besteentzat asko. Eta kantitateak izan badu garrantzia. Baina hortik harago, nabarmenduko nahi nuke euskarak kualitatiboki baduela presentzia sare sozialetan. Euskara freskoa irakurtzen dugu maiz sare sozialetan, Maite Goñik esaten zigunez. Inoiz baino gehiago idazten da euskaraz, baina horrez gain euskaraz gero eta gauza gehiago egiteko aukera dago. Euskaraz ari diren kazetari askorekin komunikatzeko modua ematen dute Twitterrek eta Berriketan.info-k.
Eta abantailak ere badauzkagu, sarean eta “bizitza errealean” elkarrekin aritzeko. Joxe Rojasek nabarmentzen duen bezala, gure sare fisikoaren tamaina txikia abantaila da eta ez eragozpena. Eta gaur Twitterren elkarrizketa izan baduzu kazetari batekin, bihar Euskal Herriko edozein bazterretan topa dezakezu eta berarekin aurrez aurre hitz egin. Izan ere, sareko elkarrizketez gain oso garrantzitsua dugu gaur egun aurrez aurreko harremana, kontaktu fisikoa. Eskua ematea, bizkarrean kolpe txiki bat jotzea edo adiskidetasuna sortzen denean besarkada beroa ematea. Muxuak beste egun batetarako utziko ditugu…
Batzuk besteen beharra dugu. Batzuk besteengandik ikasteko asko daukagu. Ondo dago norberak bere aldetik gauzak egitea, esperimentatzea. Baina proiektuak konpartitzeak uzten dizun zaporea xanpain frantses onenaren parekoa da.
Eta aurreko paragrafoan esandakoari helduz, onartu behar dut asko ikasi dudala elkarrizketa sorta honetan hitz egin dudan 16 pertsonengandik. Badira sortatik kanpo gelditu diren beste batzuk sare sozialetan oso abilak direnak. Eta horiei ere dei egingo nieke sare sozialak eta euskal komunikazioaren gaian sakontzen joateko. Eta nahi badute blog honetan euren iritzia plazaratzeko. Abiapuntu gisa ikusten dut hau. Baina bidea eginaz jarraituko dugunaren itxaropenaz. Sare sozialen indarra aintzat hartuz, baina euskarazko komunikabideen biziraupena ziurtatu behar dugula argi izanik (horretan euskal erakundeek badute erantzukizuna).
Imanol Epeldek sortutako ‘Bacalhau’-ren ereserkian kantatzen duen bezala:
“Kolpe-kolpe-kolpeka sareak josi, sareak josi
kolpe kolpe kolpeka josi ta josi zubiz zubi
kolpe-kolpe-kolpeka sareak josi, sareak josi
kolpe kolpe kolpeka josi ta josi zubiz zubi “.
Topa egin dezagun denok sagardo eta vodkarekin!