Zertarako

Posted by Zentik On Otsaila - 7 - 2009

Komunikazioaren garaiak bizi ditugu. Inoiz baino tresna, erraztasun, eskaintza edota bitarteko komunikatibo gehiago ditugu. Baina inkomunikazioa da nagusi.

Gezurren, intoxikazioen, zentsuren, manipulazioen garaietan bizi gara; ez da berria, baina bai areagotu den fenomenoa. Maila eskandalagarrietaraino iritsi da. Zer edo nola pentsatu behar dugun transmititzea da hedabide handien helburua, zer gertatzen den kontatzea baino. Iritzi publikoa informatu baino, iritzi publikoa bideratzea.

Guk, hori guztia salatu nahi dugu hemen. Hedabideek informazioa eman behar dutelako, ez propaganda. Gertaerak ulertzeko klabeak eskaini behar dituztelako, ez alde batera edo bestera lerrokatzeko aginduak. Eztabaidak bultzatu, ez eztabaida murriztu. Gaizki dagoena salatu, ez boteredunen notario lanak egin.

Eta hori guztia egiten saiatuko gara, egunerokoan mass medien artean aurki daitezkeen hankasartzeak, gezurrak… azaleratuz; eta, dagokionean, ondo egindakoak zorionduz. Modu apalean, baina gogotsu. Ahal dugun guztietan , baina etenik gabe.

Hizkuntzari dagokionez, euskaraz idatziko dugu, hori baita gure ama hizkuntza eta modu naturalean ateratzen zaiguna. Baina, agian, gaztelaniaz ere idatziko dugu sarreraren bat, norbaitek gaztelerazko azalpena behar duela uste badugu.

Bestalde, ezingo dugu objektiboak izan, konziente baikara objektibotasuna %100ean ez dela existitzen. Baina argi utzi nahi dugu, ahalik eta inpartzialenak izaten saiatuko garela, hedabide bakoitzaren kolorea kontuan hartu gabe. Alegia, denak lupa berarekin begiratzen saiatuko garela. Bai gaizki egiten dutenean/dugunean, baita ondo egiten dutenean/dugunean. Hori bai, ez dugu inor mindu nahi, eta errespetu osoz jarduten ahaleginduko gara. Azken finean, atari hau ekarpen bat baino ez da: hedabideen mundu hau ulerrarazteko eta, batez ere, hobetzen saiatzeko. Ez baikaude inoren gainetik, eta gure burua ez baitugu orojakiletzat. Mundu honi buruzko hausnarketa sustatu nahi dugu, eta ikasten jarraitu.

Finean, hedabideek jokatu beharreko zerbitzu publikoa aldarrikatzen dugulako hemen. Hedabideak herritarrontzako baliagarriak izan behar direla sinesten dugulako.