Informazioa biltzeko oso tresna interesgarria da Yahoo Pipes, kazetarien lanerako ia ezinbestekoa dela ere esango nuke. Guk duela ia bi urte erabiltzen dugu Oarsoaldeko Hitzan eta asko errazten digu lana. Goazen pixkanaka.
Zer da Yahoo Pipes?
Gorka Julioren (teketen) definizioa erabiliko dut: Zenbait zerbitzu nahastu, iragazi eta jario batean jartzeko aukera ematen duen tresna da. Orain arte informazio gehiegi zuten jarioetatik interesgarria zena ateratzeko zailtasunak izaten genituen, tresna honen bidez hori egin daiteke. Orain arte RSS jarioen erabilera jario irakurgailu baten bidez jariora harpidetu eta informazioa jasotzea bazen, tresna honen bidez aukera horiek asko zabaltzen dira.
Nola sortu?
Honetan sartzea konplikatu samarra izan daiteke kazetariontzat. Nik Juliok sortutako pipe-a eta guk erabiltzen duguna erakutsiko dizuet.
Helbidea
http://pipes.yahoo.com/pipes/pipe.info?_id=RJkDASlI3RG_3dQzJhOy0Q
Nola erabili?
Helbideak klik egin eta webgunera iritsiko gara.
Webgunearen erdian hiru hutsune daude. Gure kasuan, eskualdeko herrien izenak sartu ditugu, euren adiera ezberdinetan. Esaterako: Orereta, Errenteria eta Renteria. Kontua interesatzen zaizkigun hitz gakoak sartzea da. Horiek bilatuko ditu pipe-ak.
Orereretarekin adibidea
Ondoren, run pipe botoia sakatu (eskuinean). Hitz horiek dituzten testuen zerrenda aterako zaigu.
Guk get as rss sakatuko dugu (run pipe botoiaren azpian), rss jarioa eskuratzeko.
Rss jarioaren helbidea edukita, gure jario irakurgailuan txerta dezakegu, edota gure nabigatzailean. Baina gogoratu, nabigatzaileetako laster marketan sartuz gero, ezingo ditugu pipe-aren emaitzak ikusi gure ordenagailuan ez bagaude.
Martxan dago
Behin martxan dagoenean, trena honek guk eskatutako horren emaitzak emango dizkigu, etengabe, arakatzen dituen guneak euren jarioa berritu ahala. Bilaketa pertsonalizatua eskaintzen digu.
Jario irakurgailuak bezala, postako alertak baino askoz ere erosoagoa da sistema hau erabiltzea. Alertak baino azkarragoa da eta askoz webgune gehiago arakatzen ditu. Gainera, arakatzeko webguneak gehitu ahal zaizkio edozein momentutan.





Badira hilabete batzuk kategoria hau sortu nuela, baina oraindik ez dut artikulurik publikatu. Azken urtean-urte eta erdian, informazio bildu eta ikertzen ibili naiz kazetaritza berriari buruz. Ondorioa: ez dago errezeta magikorik.