Mendebaldeko kazetaritzaren helburua "neutraltasuna" mantentzea da, baina hori iruzurra da (Michel Collon)
Header

Zenbaitetan, tarteki moduko batzuk egoten dira aposizioaren tokian, egiaz aposizio izan gabe. Dagokien sintagma absolutiboan (nor kasuan) egonez gero, ez dago arazorik:
Sei mila atleta, 35 eta 95 urte artekoak [denak/guztiak...], Donostiara etorri dira egunotan.

Gainerako kasuetan, ordea, komeni da marra luzeen artean jartzea, tokiz aldatzea edo beste esaldi bat egitea.
Hobetzekoa: Europako atletek, 35 eta 95 urte artekoak, proba guztietan hartuko dute parte Beteranoen Munduko Txapelketan.
Hobea: Europako atletek —35 eta 95 urte artekoak [denak/guztiak...]— proba guztietan hartuko dute parte Beteranoen Munduko Txapelketan.
Hobea: Europako atletek proba guztietan hartuko dute parte Beteranoen Munduko Txapelketan. Guztiak 35 eta 95 urte artekoak dira.

  • Aposizio komadunak traba egiten du galdegaiaren eta aditzaren artean dagoenean. Beraz, horrelakoetan hobe da ordena aldatzea.
    Hobetzekoa: Alemanian, Lutherren jatorrian, egin dute batzar nagusia.
    Hobea: Alemanian egin dute batzar nagusia, Lutherren jatorrian.
    Hobea: Lutherren jatorrian egin dute batzar nagusia, Alemanian.
  • Menpeko perpaus baten barrenean, hobe da komarik gabeko formak erabiltzea.
    Hobetzekoa: Dick Cheneyk, AEBetako presidenteordeak, esan duenez, ez dago ados batzordeko buruekin.
    Hobea: Dick Cheney AEBetako presidenteordeak esan duenez, ez dago ados batzordeko buruekin.
    Hobea: AEBetako presidenteorde Dick Cheneyk esan duenez, ez dago ados batzordeko buruekin.

Beste aukera bat ere badago: menpekoa esaldi nagusi bihurtzea.
Dick Cheneyk, AEBetako presidenteordeak, esan du ez dagoela ados batzordeko buruekin.

  • Noren eta nongo kasuekin, komeni da komarik gabeko formak erabiltzea, eten handiegia sortzen baitu koma tarteak:
    Hobetzekoa: Asko gustatu zaio Steven Cohenen, Bill Clintonen kolaboratzailearen, ideia.
    Hobea: Asko gustatu zaio Bill Clintonen kolaboratzaile Steven Cohenen ideia.
    Hobea: Asko gustatu zaio Steven Cohenen ideia. Bill Clintonen kolaboratzaile da Cohen.
  • Aposizioak esaldia zamatzen badu, hobe da aditzaren ondora eramatea.
    Hobetzekoa: Juventuseko entrenatzaileak, gainera, Roberto Padini, taldeko jokalaririk zaharrena, beste postu batean jarri zuen.
    Hobea: Juventuseko entrenatzaileak, gainera, beste postu batean jarri zuen Roberto Padini, taldeko jokalaririk zaharrena.

1. Komaduna.
Askotan, bi komako aposizioarekin egiten da esaldia hobekienik; beste batzuetan —ingurua nolakoa den—, komarik gabe. Gehienetan, bi komako egitura lagungarri izaten da, esaldi zatiak mugatzen dituenez gero.

Hobetzekoa: Haserre agertu zen atzo Iñigo Urkullu Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko presidentea Biktimen Ponentzia iraunkorraren egitekoaren inguruan PPk eta PSE-EEk sortutako polemikagatik.
Hobea: Haserre agertu zen atzo Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko presidentea, Biktimen Ponentzia iraunkorraren egitekoaren inguruan PPk eta PSE-EEk sortutako polemikagatik.

  • Koma tarteko aposizioetan, berdin deklinatzen dira bi osagaiak.
    Dick Cheneyk, AEBetako presidenteordeak, ez du deus esan.
    Dick Cheney, AEBetako presidenteordea, ez dago ados batzordeko buruekin.
  • Horrelako aposizioetan ere jarri behar izanez gero, aurreneko elementuaren ondotik idazten da.

Hobetzekoa: Zuzenduko duen orkestra ez ezik, emango duten obra, Fidelio ere, ondo ezagutzen du Gomez Martinezek.
Hobea: Zuzenduko duen orkestra ez ezik, emango duten obra ere, Fidelio, ondo ezagutzen du Gomez Martinezek.

2. Komarik gabea.

  • Aposizioa komarik gabe idatziz gero, azken osagaia bakarrik deklinatzen da.
    Dick Cheney AEBetako presidenteordeak ez du deus esan.
    Dick Cheney AEBetako presidenteordea ez dago ados batzordeko buruekin.
  • Bi izen berezi segidan doazenean, ez da komeni komarik gabeko aposizioa erabiltzea:

Hobetzekoa: Jackson Bushen aholkulariak argi eta garbi hitz egin du.
Hobea: Jacksonek, Bushen aholkulariak, argi eta garbi hitz egin du.
Hobea: Bushen aholkulari Jacksonek argi eta garbi hitz egin du.

3. Molde klasikoa:

  • Horrelakoetan, azken osagaia bakarrik deklinatzen da, eta ez da komarik jartzen.
    AEBetako presidenteorde Dick Cheneyk ez du deus esan.
    AEBetako presidenteorde Dick Cheney ez dago ados batzordeko buruekin.