Behin baino gehiagotan salatu dut hemen hedabideek Kubaren kontra duten jarrera. Informazioak asmatu edo puztu egiten dituzte (berez ez bailirateke albisteak izango), eta albiste direnak ez zaizkie komeni. Eta noski, gauza onik ez du egiten ez Kubak, eta ez kubatarrek ere.

Betiko manipulazioa argi ikusten da Cubainformacion-ek egindako bideo honetan. Paz sin Fronteras kontzertuari buruzko gezurrak argitzen dituzten. Hedabideek Kubarekin egiten dutena pixka bat ulertzeko gakoa da.

Iñaki Lopez eta Kubari buruzko gezurrak

Posted by Zentik On Apirila - 28 - 2009

inakilopez_160x115_132322Aspaldiko egunotan hautsak harrotzen ari dira Iñaki Lopez Pasalo programaren aurkezlearen komentarioak. Kuban homosexualak kartzelatzen omen dituzte eta ez dakit zenbat gauza gehiago. Ez da lehenengo aldia ETBn horrelakoak esaten direnik. Informatiboetan ere esan izan dute ez dagoela hauteskunderik, edota egiten direnetan alderdi bakarra aurkeztu daitekeela, gobernukoa. (Hemen dago gertatutakoa: hasierako bideoa, zuzentzeko eskaera, zuzenketa…).

Ez da lehenengo aldia Cubainformacionek horren gainean ohartarazi duela. Nik ere ez dut Kuba ezagutzen, baina hitz egin baino lehen zertaz ari naizen ziurtatzen ahalegintzen naiz. Alegia, esango dudana egia dela jakiten. Kazetari askori falta zaien/zaigun kontua da hori oraindik. Are gehiago Kubari dagokionean, denok ezagutzen dugu zer gertatzen den bertan, eta ez da inor hara joan. Topikoak ez dira sartzen kazetariaren lanean. Horren kontra egin behar dugu. Kasu honetan, laguntza handi bat ere badugu, Conjura contra Cuba Pascual Serranoren liburua. Norbaitek nahi balu, utziko nioke.

Pascual Serrano Donostian

Posted by Zentik On Martxoa - 28 - 2009

Pascual Serrano

Herenegun, Pascual Serranoren Donostiako hitzaldira joateko aukera izan nuen. Oso hitzaldi interesgarria izan zen, bizi garen mundua ikusteko begiak irekitzeko gonbitea egin ziguna. Bizi garen mundua orokorrean, baina, bereziki, kazetaritzari dagokiona. Mota askotako interesak erdiesteko, kazetaritza nola erabiltzen den erakutsi zigun.

Komite Internazionalistak Kubako erreboluzioaren 50. urteurrenaren harira antolatutako jardunaldien baitakoa izan zen hitzaldia. Eta bertan aurkeztu zuen Serranok Conjura contra Cuba liburua. Erraz irakurtzeko liburua da, eta, bertan, hedabide handiek Kubari buruzko informazioari ematen dioten tratamendua aztertu du. Eta tratamendu hori beti da berdina: Kubaren lorpenak isilarazi eta hainbat eta hainbat topiko (gezur) zabaldu. Oinarrian, sozialismoaren kontrako jarrera zabaltzea da helburua. Izan ere, iritzi publikoa gero eta botere garrantzitsuagoa da, eta horretaz konturatuta duade hedabide handiak=enpresa=gobernuak. Iritzi publikoa bideratuta, euren nahiak/ideiak errazago zabal ditzakete. Horien artean, Kubaren kontrako jarrerak. Baina horiek guztiak, are hobeto azaltzen ditu Pascual Serranok berak.

Hemen uzten dizkizuet hitzaldiko testuak (euskaraz eta gaztelaniaz) eta audioa:

Eskerrak eman behar dizkiot autoreari berari, berak jarri baititu gure eskura hitzaldian esandako hitzak, guk euskaratu ahal izateko. Bestalde, hona hemen, egileari buruzko informazio pixka bat:

Pascual Serrano kazetaritzan lizentziatu zen eta ABC egunkarian hasi zen lanean. Ondoren, Voces aldizkaria sortu zuen. 1996. urtean, beste autore batzuekin batera, Rebelion ataria jarri zuen abian (Interneteko agerkari “alternatiboa”). Ondo ezagutzen du berak Latinoamerika deitzen duena eta Telesur telebistan ere kolaboratu du. Horrez gain, hainbat liburu idatzi ditu. Kazetaritzari buruz, oso atal interesgarria jorratzen du hilabetero: Perlas informativas del mes… Oso abila da desinformazioa, manipulazioa eta intoxikazioa atzematen. Irakurtzeko, ikasteko eta hainbat gauzez ohartzeko oso interesgarria da, benetan.

Esan bezala, idatzi duen azkeneko liburua Conjura contra Cuba izan da. Cubainformacion atariak eta Euskadi-Cuba elkarteak editatu dute. Internet bidez eskura daiteke (Cubainformacion atarian) edo Kubarekin elkartasuna duten elkarteen bidez. Liburuari buruzko zerbait gehiago jakin nahi duenak, hemengo bideo honetan topa dezake: Serrano bere liburuari buruz.