“Mundua, komunikabideak eta gu” hitzaldia‏

Posted by Zentik On Ekaina - 2 - 2009

Victor Pozas, Deontologiako irakaslea: “Jasotzen dugun informazioa entitate handiei molestatzen ez dien hori da”

Komunikabideetako etikari buruz berba egiten da Kazetaritzako fakultateetako Deontologiako klaseetan. Kazetaritza eta etika. Elkarrekin joan beharreko berbak direla uste du lizentziatu berriak. Errealitatea oso bestelakoa dela ere badaki. Victor Pozas Deontologiako irakasleak “Mundua, komunikabideak eta gu” hitzaldia eman du Kainaberak maiatzerako antolatu duen hitzaldi-zikoan. Komunikabide pribatu handiez hitz egin du batez ere, eta zera azpimarratu du; enpresak direla azken finean, eta euren obligazio etiko bakarra akziodunentzat dirua irabaztea dela.

Komunikazioaren kudeaketan komunikabideak zati txiki bat, euskarria baino ez direla esanaz hasi du berbaldia Victor Pozasek. Komunikazioaren industrian gero eta gehiago dira agentziek produzitutako albisteak: “eginda datorren komunikazioa da, eta kazetariek gutxitan moldatu eta kontrastatzen dute informazio hori”. Prentsaurrekoetan gero eta galdera gutxiago egiten dela aipatu du Pozasek, eta gaur egun kazetari gehiago dagoela prentsa bulegoetan komunikabideetan baino. Adibidez, AEBn, komunikabideetako kazetari bakoitzeko, bat eta erdi daude gabineteetan.

Gauzak horrela, enpresetatik, erakundeetatik… informazioa asko lantzen da. Informazioa emateko era bat sortzen dute. “Gerren adibideetan nabarmen ikusten da; gerra-operazioek marka izena izaten dute. Hori defentsa ministerioetako komunikazio departamentuak jarritako izena izaten da”. Kazetariei bila joan barik etorritako informazioa iristen zaie eta askotan ez dute horrela kontatzea beste erremediorik izaten, presioak ugari baitira.

Inpaktu askoko albisteen inguruan ere aritu da Pozas. Dorre bikien atentatuei buruz hitz egin du. Egun hartan 3.000 pertsona inguru hil zen New Yorken eta albisteak inpaktu mundial izugarria izan zuen. Horren alboan, horrenbeste hildako eta gehiago izan arren isilduak izan diren errealitate batzuk aipatu ditu. Adibidez, Kongon, azken 11 urteotan 5,4 milioi pertsona hil direla gogoratu du. Bertan gerra bizi dute 1998tik; Koltanak eragindako gatazka da. Koltana, besteak beste, mugikorrak egiteko behar den minerala da, eta bere inguruko interesek herrialde industrializatuek sustatu duten gerra sortu dute. Gerra horren berri, baina, ez da komunikabideetan agertzen, komeni ez delako.

Atzean dagoena
Komunikabideetako kazetarien agenda askotan goitik datozen interesek markatzen dute. Izan ere, komunikabide asko korporazio komunikatibo handien barnean daude… eta korporazio horiek enpresekin loturak dituzte. Adibidez, Prisak (El Pais, Ser, Cuatro, Santillana…) Latinoamerikako enpresa batzuekin harremanak ditu, eta horregatik, albisteetan Latinoamerikako gaiak eskuinetik tratatzen ditu; ez du adibidez Boliviako gobernuaren alde egiten, bere lagunak diren enpresen kontrakoa baita.

Komunikabide handiak, eurek batzen dituzten korporazioak eta albiste agentziak azken finean enpresa pribatuak dira. Hori ahaztu egiten zaigula ohartarazi du Victor Pozasek: “Ahaztu egiten zaigu enpresa baten obligazio etiko bakarra bere akziodunentzat dirua irabaztea dela”. Beraz, askotan garrantzitsuena saltzea izaten da. Publizitatea, dirua lortzea. Enpresa jakin batzuekin, instituzioekin, botere agenteekin… txarto ez eramatea, diru hori lortu nahi bada ezin baita euren kontrako ezer komunikatu.

Publizitatearen bidez produktuak saldu gura dira, eta baita kontsumoaren ideologia ere. Industria horretan dirutza handia mugitzen dela ohartarazi du Pozasek, eta datuak ere eman ditu. 2006an mundu osoan 593.000 milioi dolar baino gehiago gastatu ziren publizitatean. Zero ugariko zifrak erakutsi eta gero komunikaideentzako iragarleak zein garrantzitsuak diren ondoriozta daiteke. Izan ere, publizitatea jaisten bada, komunikabideentzako eta kazetarientzako kalte izaten da, hori baita euren bizirauteko diru-iturri nagusia. Horrek askatasuna kentzen du. Ezin dute euren kontra edo euren balore ideologikoen kontra ezer idatzi komunikaide kritikoei publiztiatea kentzen baitiete iragarleek. Zera ondorioztatu du Pozasek: “Jasotzen dugun informazioa entitate handiei molestatzen ez dien hori da”.

Herritarrengana heltzeko bideak
Komunikazioaren beste tresna bat harreman publikoak dira. Komunikazio osoa bideratzeko ekintzek osotzen dituzte harreman publikoak. Enpresek, erakundeek, elkarteek… komunikabideez gain, herritarrengana heltzeko hainbat modu dituzte. Ekintzak antolatzen dituzte, interneta erabiltzen dute, enpresekin hitzarmenak egiten dituzte… gobernuek, esaterako, asko erabiltzen dituzte baliabide horiek. Albiste bat sortzeko askotan eraginkorra izaten da ekintza bat sortzea.

Komunikabideen mundua korapilotsua da. Botereak, interesek, diruak… asko egin dezakeela erakutsi du Victor Pozasek bere berbaldian. Baina handiek erabilitako teknikak, ekintzak, interneteko bideoak… edonoren eskura dauden tresnak dira. Iritzi publikoa mobilizatzeko internet izaten ari den garrantzia nabarmendu du. Mundua ikusteko moduak aberasteko, kontrainformaziorako guneak sor daitezke. Azken finean, komunikazio teknikak hor daude; erabiltzeko eretan dago gakoa.

Amaia Ugaldek bidalitakoa, eskerrik asko!

Popularity: 13% [?]

Prentsa eta Internet jardunaldiak

Posted by Zentik On Maiatza - 22 - 2009

Goizean, EKT Euskarazko Komunikazio Taldeak antolatutako ‘Hedabideak etorkizunean, biharko prentsa eta Internet’ jardunaldietan izan gara. Ez dugu aukerarik izan bukaerara arte gelditzeko (mahai-ingurura, alegia), baina ederki gozatu ditugu bi hitzaldiak:

  • Vicent Partal (Kataluniako Vilaweb atariko arduraduna): ‘Eta dena hankaz gora jartzen badugu?‘
  • Juan Varela (Kazetaria eta kontsultorea. Periodistas 21 webgunea kudeatzen du): ‘Komunikabideak gizarte plataforma gisa’.

Hemen uzten dizkizuegu bakoitzaren hitzaldiaren puntu garrantzitsuenetako batzuk, twitter bidez ere emandakoak:

  • Partal:
  1. Oinarrizko gauzetara itzuli, funtsezkoa dena detektatu eta funtsezkoa ez dena deuseztatu.
  2. Papera ez da beharrezkoa, baina ez dut uste desagertuko denik. gaurko paperak ez du zentzurik.
  3. Naseadresa astean behin argitaratzen dute, sagardotegian “sukaldatu” ondoren. jendearekin aritzen da erredakzioa lanean taberna horretan.
  4. Egunkarien etorkizuna, egunkariak baino, aldizkariak izatea.
  5. Internetera berriak, paperekoa ezberdina. aldizkari modukoa gehiago eta eduki ezberdinekin.
  6. Diskoekin bezala. egun ez dira diskoak saltzen, track-ak edo abestiak baizik. Horretara egokitu behar dugu.
  • Varela:
  1. Pesimistagoa, ez zaio papera batere axola.
  2. Ebooks absurdoak dira egun aurkeztu dizkiguten bezala. kontzeptua ez da ona bere horretan.
  3. lastfm ez da irrati soila interneten. Soziala: entzuten duzunaren bidez,lagunak proposatzen dizkizu. musika eta eduki ezberdinetara iristeko.
  4. Egunkariek ez dute inoiz errekuperatuko zeukaten errentagarritasun ahalmena.
  5. Iritzi asko ematen dugu eta komunikazio asko. Albisteak eman behar ditugu!
  6. Publikoarengana iristeko (kontsumo ezberdina dutenengana: irakurtzeko, ikus-entzunezkoak, datuak): sakontasun maila ezberdinak, hainbat interfaze eta formatu.
  7. Kazetariak sare sozialak izan behar du.

Hasieran, bazirudien bien teoriak guztiz kontrakoak direla, baina ez da hala izan. Bietatik ideiak hartuta egingo dugu bidea gure ustez. Baina gauza bat argi dago. Oraindik ez dakigu nolakoa izango den prentsaren etorkizuna. Internet indarra hartzen joango da, noski, baina prentsarekin zer gertatuko den ikusteke dago.

Bien hitzaldiak ikusteko, hemen uzten dizuegu Berriak grabatutakoa.

On egin!

Popularity: 10% [?]