Kazetaritza digitalaren ‘guru’-ak

Posted by Zentik On Uztaila - 11 - 2010

Eskup bidez eman zuen zetorrenaren berri Joseba Elola El Paiseko kazetariak. Datozen igandeetan, kazetaritza digitalaren ‘guru’-ei egindako elkarrizketak argitaratuko dituzte egunkarian.
Gaur atera dute lehenengo elkarrizketa: Arianna Huffington da protagonista, The Huffington Post-eko burua eta ‘blog komandantea’ bezala ezaguna.
Hemen duzue elkarrizketa osoa: La comandante ‘blog’

Popularity: 2% [?]

Bertsio ofizialak

Posted by Zentik On Ekaina - 17 - 2009

Gauza jakina da bertsio ofizialei ez zaiela kasu handirik egin behar, historiak eta praktikak erakutsi moduan, askotan gezurrak baino ez dituztelako esaten. Baina, hori horrela izanda ere, gauza jakina da, halaber, komunikabideek bertsio ofizialak zabaltzen dituztela barra-barra, askotan
-gehienetan, zoritxarrez- bestelako bertsiorik eman gabe.

Egunotan izan ditugu horien adibideak. Larunbataz geroztik, komunikabideek espazio handia eman diote Espainiako Segurtasun Indarrek ETAren kontra egindako operazioari, ETAko preso batzuren ihesaldia zapuztea lortu zela azpimarratuz. Bertsio ofizialaren arabera, uda honetan egitekoa zen ihesaldia, asmoa berria ez izan arren. Bada, auzia ikertu duen epailearen autoaren arabera, ez dago oinarririk pentsatzeko ihesa uda honetan aurrera eramango zela. Eta horrela argitaratu dute gaur komunikabide gehienek.

Bestetik, astelehenean bertan jakin zen Frantziako Poliziak ETAren zulo bat atzeman zuela. Bai eta ustekabean atzeman ere, beti ere bertsio ofizialaren arabera, ubide bat konpontzen ari ziren langileek aurkitzean zuloa. Noski, bertsio hori zabaldu zuten hedabideek. Gaur, berriz, Diario Vasco egunkariak berak ukatu egin du zuloaren atzematea kasualitatea izan zenik.

Hala, interesgarria da bi albiste hauen inguruan, eta biak lotuz,  El Confidencial webguneak argitaratu duena.

Popularity: 11% [?]

Wikipediari buruzko erreportaje interesgarria

Posted by Zentik On Ekaina - 10 - 2009

wikipedia-logoAtari honen aurkezpenean diogun moduan, ez dugu nahi soilik salatu komunikabideen akatsak, gezurrak, hankasartzeak… Ondo egindakoak ere zoriondu nahi ditugu. Horretarako aukera dagoenean, bederen. Eta gaurko El País egunkariak hori egiteko bide ematen du, Wikipediaz fia gaitezke? lelopean, entziklopedia online ezagun honi buruzko erreportaje txukuna argitaratu baitu. Garai berriekin bat egiten duen tematika edo gaia, estilo irakurterraza, wikipediaren aldekoen eta kontrakoen iritziak, entziklopediaren hankasartze sonatuen adibideak… Lan polita, bai.

Popularity: 16% [?]

Nolakoa izan behar da titular bat?

Posted by Zentik On Ekaina - 9 - 2009

Albiste baten titularrean ez da iritzirik, baloraziorik edo analisirik idatzi behar. Kazetaritzaren oinarrizko arauetako bat da hori. Bada, El País egunkariak gaur argitaratutako titular honetan, iritzia sartu dute, argi eta garbi: Batasunak (sic) Europako haustekundeetan lorturiko emaitzak ETAren jardun eskasari egozten diote. Horrela, bai; silogismo baten antzera aurkeztuta bi gertaerak, erabat lotuta egongo balira bezala.

Baina, albistean erabilitako idazketa motak, argudioek eta adibideek silogismo hori indartzea bilatzen badute ere, kazetariak ezin izan du frogatu hori horrela denik. Hots, Batasunak (sic) lortu dituen emaitzak direla ETAren jardun eskasaren ondorio. 

Eta ezin izan du frogatu hori horrela denik, akaso, eta besterik gabe, gezurra delako. Batasunak bere botoak “berreskuratu” (albistean esaten den bezala) baititu… ezker abertzaleak boto legala emateko aukera izan duelako Europako hauteskunde hauetan. Inozoen artean inozoenak ere badaki hori dela arrazoia. El País-eko kazetariak berak dakien moduan.

Baina, titularretaz ari garenez, errealitateak ez diezaidala titular on bat izorratu, esaerak dioen moduan. Argitaratutako titular horrekin -gezurra dela eta titular kaskarra dela jakin arren-, Batasuna eta ETA lotzea zen helburua; iritzi publikoaren aurrean, binomio bat direla irudikatzea; elkar elikatzen dutela sinestaraztea; ezker abertzalearen emaitzak gutxiestea eta desprestigiatzea…Betiko leloaren betiko leloa, Berri Txarrak-en kanta batek dioen moduan. Betiko titularraren betiko titularra, esango nuke nik.

Popularity: 11% [?]

Informazioa ala propaganda?

Posted by Zentik On Apirila - 21 - 2009

El País egunkariak kazeta serioa izatearen irudia du. Profesionala. Zorrotza. Espainiako Estatuko kazetaritzan, eredutzat jo izan da urtetan, eta jotzen da oraindik ere, kazetaritzan gauzak ondo egitearen islatzat hartuz. Baina Euskal Herriko gatazkari buruz informatzean, zorroztasun hori galdu egiten du, Espainiako beste egunkarien antzera jokatuz. Eta egun hauetan El País-en argitaratutakoa da horren adibidea.

Astelehena 20eko edizioan, Prisako kazeta nagusiak hauxe zioen azalean: “ETA tenía listos atentados para recibir al nuevo Gobierno Vasco“. Barruko orrietara jotzean, ordea, atentados izatetik un atentado aipatzera pasatzen da informazioa. Ñabardura txikia da, baina alde handia dago batetik bestera. Eta, garrantzitsuena: zein da informazio horren oinarria? Ikerketa polizialaren hipotesi nagusia horixe izatea, albistean jasotzen denez. Informazioaren iturria Polizia da, hortaz. Eta albistean ematen al da daturik, zergatirik… Poliziaren hipotesi hori baieztatzeko? Ez, ezer ez. Ideia hori botatzea, zabaltzea, gizarteratzea da kontua. Hots, efikazia, eraginkortasun poliziala saltzea; eta, modu horretara, ZEN Planaren aginduetako bat bete.

Ildo horri jarraiki, asteartea 21eko edizioan, ustezko atentatuari buruzko xehetasunak ematen dira, bonba-auto bat izango zela eta Patxi Lopez lehendakari izendatzeko ekitaldiaren ingurumarietan lehertuko zutela esanez. Baina, bezperan bezala, nor da informazio honen iturria? Polizia. Eta Polizia zertan oinarritzen da esateko bonba-auto bat izango zela? Non daude kazetaritzaren urrezko arauak diren bost w-ak baieztatzeko atentatu hori datozen egunetan izango zela? Non daude frogak atentatu hori, gainera, bonba-auto baten bidez egingo zela baieztatzeko? Beste behin, ez dago horri buruzko argibide objektiborik. Aldez aurretik ere Poliziak hipotesi horrekin lan egiten zuela aipatzen da berriro albistean. Are gehiago. Oraingoan, ohikoak diren eufemismoak ere ez dira erabili informazio hori eraikitzeko; hots, atxilotuen aitorpenak gisako formulak.

Beraz, oraingoz hipotesi bat baino ez dena errealitate bihurtu da, albiste eta titular kategoria hartuz hedabideetan. Eta, sekuentziari jarraiki, ondorengo orduetan eta egunetan xehetasun gehiago emango dituzte, ustez, Poliziak ekidin duen atentatuari buruz. Ziur. Beti ere, efikazia polizialaren irudi hori matxakatzeko.

Galdera, beraz, erraza da: hau guztia zer da, informazioa ala propaganda?

Popularity: 11% [?]

“Sagarrak eta udareak ezin dira nahastu”

Posted by Zentik On Apirila - 6 - 2009

Ana Botellak esaten zuen bezala, “sagarrak eta udareak ezin dira nahastu” (noski, ez nabil homosexualen ezkontzei buruz). Badaude artikulu batzuk, gai batekin hasi eta beste batekin bukatzen dutenak. Loturak txukun egiten dituzte eta artikulua osatuta gelditzen da. Hau ez da kasua. Donostian biluzik ibiltzen zen gizona, pizza eta Ekin kasua lotzen ditu.

Popularity: 8% [?]