Greba orokorrean, alde bakarreko informazioa

Posted by Zentik On Maiatza - 23 - 2009

3551518301_667c66b969_b

Betiko legea da, greba deitzen dutenak datu batzuk ematen dituzte; eta greba jasaten dutenek beste batzuk. Baina noizbait horrelako alderik??

Greba porrota izan dela esaten ari dira Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, patronalak eta, noski, ondorioz, hedabideak. Inoiz baino harrigarriagoa egin zait. Hedabideak, patronalaren eta gobernuen bozeramaile gisa jokatu dute. Hori bakarrik. Baina, gainera, disimulurik gabe. Ez dira aritu itxurakerietan. Alde baten ikuspegia eman, eta lixto.

Aurten, zorionez, grebaorokorra.info izan dugu. Eta kalean ibili garenok ikusi ahal izan dugu, saldu nahi digutena baino jarraipen gehiago izan duela grebak. Beste herrietan ere hala erakutsi digute. Kalean zegoena ikusi dugu. Greba zein tokitan nabaritu den eta zeinetan ez. Argi. Zorionez, mundura ere zabaldu ahal izan dugu.

Baina gero eta gehiago da kezkatzekoa hedabideen jarrera eta jokaera. Bereziki kezkatzen ari naiz EITB etxearen jarrerarekin. Pixkanaka ari da nabaritzen Eusko Jaurlaritzaren eskua. Baina kasu honetan oso nabarmena egin zait, gehiegi. Gauza bat da alde bakarraren informazioa ematea, eta bestea ezkutatzea, manipulatzea eta desinformatzea. ETBko informatiboak ikusi zituztenek esandakoa sinistuko dute. Bakarrik. Besterik ez dakite, eta telebistak esan duenez…

Hori horrela izan ez dadin lanean jarraitu behar dugu. Jendeak izan dezala informazio guztia bere ondorioak ateratzeko. Zorionak guztiei egindako lanagatik eta grebaorokorra.info gehiago izan ditzagula!

Popularity: 12% [?]

Grebari buruzko informazio guztia, grebaorokorra.info-n

Posted by Zentik On Maiatza - 20 - 2009

Bihar hainbat hedabide ez dira martxan egongo, greba orokorra dela eta. Beste batzuek, agian, ez dute behar adina informazio emango. Hutsune hori betetzeko sortu dute grebaorokorra.info: herritarrek sortutako informazioa, herritarrentzat

sarean090519Bihar, egun guztian zehar, grebari buruzko informazioa jarraitzeko aukera izango da grebaorokorra.info webgunean. Internet zale eta herritar talde batek sortutako webgunea da, herritarrek sortutako informazioa herritarrei helarazteko. Modu horretan, norberak bere inguruan gertatzen dena kontatu ahal izango du. Nahi duen bezala eta momentuan bertan. Testuekin, bideoekin, argazkiekin, twitter bidez… Baliabide horiek guztiak batzen ditu webguneak.

Nola parte hartu?

  • Testuak: Webgunearen eskuineko aldean, goian, ‘argitaratu’ izeneko botoa sakatu. Bertan, norberak nahi duena idatz dezake.
  • Bideoak: Youtube webgunean igotako azken bideoak webguneko telebistan agertzen dira. Horietako batzuk, gainera, egingo dituzten informatiboetan erabiliko dituzte.
  • Argazkiak: Flickr webgunean jarritako azken argazkiak, webgunearen ezkerreko aldeko goialdean agertzen dira zuzenean.
  • Twitter: Twitterren #grebaorokorra etiketa erabilita idatzitako mezuak webgunearen eskuineko aldean agertzen dira.
  • Loturak: Bildu erabiliz eta albiste edo loturak ‘grebaorokorra’ bezala etiketatuz, jendeak bidalitakoa automatikoki erakutsiko da webguneko ‘Nabarmen’ atalean. Zerbait interesgarria ikustean, elkarbanatzeko aukera ematen du horrek.

Finean, GOerreportari izatea da proposatzen dena. Greba Orokorreko erreportari, alegia. Erreportari sarea handitzen doa eta gero eta gehiago izan, hobe.

Oraindik ez dakizula zer egin dezakezun?

Hemen topatuko dituzu ideia batzuk, greba orokorra interneten bultzatzeko. Modu errezean dago azalduta. Posta zerrendan ere eman dezakezu izena, dudarik izanez gero.

Azkenik, oso garrantzitsua da ‘grebaorokorra’ etiketa erabiltzea. Batetik, bilaketak errazago egiteko. Eta bestetik, grebaorokorra etiketa duten mezuak, argazkiak, bideoak… zuzenean grebaorokorra.info webgunean agertzeko.

Animatu eta izan zaitez GOerreportari! Herritarrengandik herritarrentzat.

Popularity: 11% [?]